• Adibide-orrialdea
  • Archives
  • Categories
  • Archive for the ‘Sailkatu gabea’ Category

    ?????


    2014 - 11.30

    Kaixo lagun!

    Horra hor aste honetarako proposatzen dizuegun asmakizuna

    Bi ama eta bi alaba,
    ondo zenbatzen baduzu,
    ez dira lau, hiru baizik.
    Badakizu nik esan gabe?

    EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA


    2014 - 11.29

    Denok dakigun bezala, datorren asteazkenean abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko eguna ospatzen da. 1949an, Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau eta 1955ean, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko eguna instituzionalizatu zuten. Kondairak dioenez, euskararen eguna Frantzisko Xabierkoarekin dago lotuta. Frantzisko, 1552ko abenduaren 3an hil zen, eta bere hil aurretiko azken hitzak bere ama hizkuntzan esan zituen, hots, euskaraz.

    Euskararen egunak hainbat izen desberdin jaso ditu urteak joan ahala. Lehendabiziko edizioan, “Eskuararen Eguna” erabili zen eta ondorengo urteetan “Euzkararen Eguna” edo “Euzkara Eguna” bezala ikusi izan dugu. Gaur egun, Euskararen Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna erabiltzen ditugu. Bestalde, Euskararen Nazioarteko Eguna ez da bakarrik Euskal Herrian ospatzen, munduko beste hainbat txokotan ere egiten delarik. Mexikon, Bartzelonan, Washingtonen, Buenos Airesen eta Parisen euskara goraipatzen dute abenduaren 3an.

    Urtero, hainbat ekitaldi desberdin egiten dira Euskal Herriko hainbat leku desberdinetan Euskararen Egunean, euskara goraipatzeko. Milaka pertsona irteten dira kalera euskara defendatuz, bere erabilera aurrera eramateko asmoz.

    Guzti honek, gure ustetan, alde tamalgarri bat ere badu. Ia euskaldun guztiak agertzen dira egun honetan euskararen alde, baina zer gertatzen da gainontzeko 364 egunetan? Euskara urteko egun guztietan erabili behar da eta ez bakarrik abenduaren 3an.

       images

    HIZTUN GEHIEN DITUZTEN HIZKUNTZAK, INPERIALISTAK?


    2014 - 11.29

    Askotan mintzo izan gara klasean hizkuntza gutxituez. Eta egia esateko, munduan hitz egiten diren sei mila hizkuntza ingurutik, %95a gutxituak dira. Horrek, hain aberatsa den hizkuntza-aniztasuna arrisku izugarrian jartzen du, zeren haien biziraupena kolokan dago. Baina kasu honetan, gutxituak diren hizkuntzetan fokatu beharrean, beste muturrera bideratuko gara, hau da munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzei buruz mintzatuko gara. Horrez gain, hasiera batetik galdera bat proposatuko dugu: Munduan gehien hitz egiten diren hizkuntzak, hizkuntza inperialista gisa izendatu ahal ditugu?

    Ondoren zerrendatuko ditugun datuak hiztun gehien dituzten hiru hizkuntzenak :

    Txinatar mandarina, 1.026 milioi hiztunekin (lehen edo bigarren hizkuntza gisa), munduan gehien hitz egiten den hizkuntza sinotibetarra dugu. Txineraren mapa linguistiko ez da ondoren ikusiko ditugun hizkuntzena bezain hedatua, baina kontutan izan behar da Txinatar Errepublikan bizi den biztanle kopuru izugarria. Bertatik irtenda, Taiwan, Singapur, Malasia edo Indonesia bezalako herrialdeetan ere hitz egiten da hizkuntza hau.

    Gaztelania dugu zerrendan hurrena, 500 milioi hiztunekin. Hizkuntza erromantze hau ez da soilik Espainian hitz egiten, Hego Amerikan ditu hizkuntzak hiztun gehien.  Beste hainbat herrialdetan ere, gaztelaniar hiztunak aurkitzea ez da zerbait ezohikoa.

    Azkenik, ingelesaren kasua aztertuko dugu. Hizkuntza germaniko honen jatorrizko hiztun kopurua 375 milioikoa da. Kasu honetan ere, bere jatorrizko lurraldetik aldenduz, Estatu Batuetan, Kanadan, Australian, Zelanda Berrian, Irlandan, Barbados uharteetan, Sudanen, Kenian, Tanzanian, Zambian, Zimbawen, Sierra Leonan, Hego Afrikan, Nigerian, Ghanan eta Namibian, ingelesa hizkuntza ofiziala dugu. Esan beharra dago, azken hizkuntza bien bigarren hiztun kopurua aztertuz gero, ingelesak postua kentzen diola gaztelaniari.

    Txineraren kasuan mapa linguistikoa kontuan hartuta, eremu txikian kontzentratuta dagoela esan liteke hiztun kopuru osoa, beti ere beste bi hizkuntzekin alderatuz. Ingelesaren jatorrizko herrialdea Erresuma Batua izanda eta gaztelaniarena Espainia izanda, hartzen duten hedapena harrigarria da. Hortaz, aurretik planteatutako galdera proposatzen da. Hizkuntza inperialistak ahal dira? Noski baietz. Kontutan izan behar da, haien jatorrizko eremutik kanpo hartzen dituzten herrialdeak, jatorriz beste hizkuntza batean mintzo zirela . Baina bi herrialdeek mendeetan izan zuten jarrera inperialistaren ondorioz hainbat hizkuntza desagertu izan dira azken ehunka urtetan. Horrez gain, gaur egungo egoera hartuz, hizkuntza hauek hedatuz doaz, bidean beste hainbat hizkuntza zapalduz. Hau argi ikusten da Afrikako herrialdeen et ingelesak bertan duen egoeraren aurrean esaterako.

    Hortaz, nahiz eta gaur egungo mundu modernorako hizkuntzak ikastea oso garrantzitsua den, zuhurrak izan behar dugu gehiegizko hedapenak sortu ahal dituen arazoez. Horretaz ohartzeko gure ingurura begiratzea besterik ez dugu. Ez zara ohartzen?

    DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA


    2014 - 11.29

    http://www.eitb.eus/eu/gaztea/musika/osoa/2638526/durangoko-azoka-2014–marta-cardenasek-diseinatutako-kartela/

    2014ko Durangoko Liburu eta Disko Azokako 49. edizioko kartela urriaren 15ean aurkeztu zuten. Aurtengo kartel honen diseinua egitea Marta Cardenas margolari donostiarrari egokitu zaio oraingoan.

    azoka_original_imagen

    Azokari urte bakarra geratzen zaio mende erdi betetzeko eta betiko bezala euskal sortzaileen topaleku bilakatuko da eta “euskal kulturaren plaza” izango da abenduaren 5etik 8ra arte.

    Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak 1965eko azaroaren 1ean ospatu zuen lehen edizioa eta Euskal Herriko azoka handiena eta garrantzitsuena da, euskalgintzan dihardutenen elkargunetzat sortua. Aipatutako lehen edizio hori Andra Mariaren basilikako arkupean gauzatu zen, oraindik Francoren diktadurapean eta Gerediaga Elkarteak antolatu zuen orain arte bezala. 19 argitaletxek hartu zuten parte.

    Honen helburua Euskal Herrian zegoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea zen. 1966an 680 liburu eta 179 disko saldu ziren eta 1969an 870 liburu eta 138 disko izan ziren. Geroz eta jende gehiago biltzen zen eta kokalekua aldatu behar izan zen. Baina 2003an Landako Erakustazoka inauguratu zen eta jada leku finko bat du eta euskal kulturaren barnean data garrantzitsua da. 2007an egin zuten lehen aldiz 42. Durangoko Azokaren kartela aukeratzeko lehiaketa.

    Durangoko Liburu eta Disko Azoka euskal kulturaren bultzatzaile nagusienetariko bat dela esan genezake. Ospakizun hau gauzatzen den egunetan euskal musika eta literatura aurrera eramateaz gain, hainbat ekimen berezi gauzatzen dira Landako Gunean esate baterako hitzaldiak, errezitaldiak edo musika saioak. Baina aspaldi sortutako ekimen honek ez du soilik euskal kultura zabaltzen, egun hauetan Durangon Euskal Herriko txoko ezberdinetako jendea batzen da oso giro euskalduna sortuz eta horrek itxaropena eragiten du euskal jendearen artean, batez ere inguru horretan bizi garen pertsonei euskararen egoera ez baita.

    ZER OTE DA?


    2014 - 11.23

    Kaixo lagunok!

    Hona hemen aste honetako asmakizuna:

    Ondo pentsatu orduko

    eman erantzuna:

    zer gauza da oliozko

    argiontzi metxaduna?

    Euskoa, moneta elektronikoa bilakatzeko bidean


    2014 - 11.22

    http://www.argia.eus/albistea/euskoa-moneta-elektroniko-bilakatzeko-bidean

    Enbata.inforen esanetan, Euskoak moneta elektroniko moduan funtzionatzeko ostegunean Baionan ezohiko biltzar bat egin zuen Euskal Moneta elkarteak. Biltzar honen helburua, 2015etik aurrera eusko monetak transferentziak eta txartel bidezko ordainketak emateko aukera izatea da.

    Proiektu honetan aurreikusitako pausuak behar bezala ematen hari dira Ipar Euskal Herrian. Gaur egun, Euskoa 500 enpresetan erabiltzen da eta 2700 inguru pertsonen artean, Euskal Moneta elkarteak argitaratutako datuen arabera.

    Biltzar honetan, moneta elektronikoa abian jartzeko taldeak egingo dituzte, kontabilitate, finantza eta informatika taldeak izango dira sortu beharreko talde batzuk. Talde hauek eginiko lan guztia urte bukaera baino lehen aurkeztuak izan beharko dira.

    Sortutako talde hauek batutako informazio guztia Kolegioen Batzordeari aurkeztuko dio elkarteak, beraiek baieztatu behar baitute moneta elektronikoaren balioa.

    Euskoa Euskal moneta erakundeak 2013an sortutako Euskal Herriko tokiko dirua da eta Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian erabiltzen da. Euskoaren bitartez tokiko ekonomiari bultzada eman nahi zaio, bertako gizartearen eta kulturaren onurarako.

    Harrigarria iruditu zaigu Euskoak benetako erabilera izatea, ez delako oso ezaguna eta jende askok ez duelako honen berri. Euskal ekonomia eta kultura bultzatzeko oso ideia ona dela uste dugu, eta ondorioz gehiago sustatu beharko genukeela.

    HIZKUNTZA SEXISTAK


    2014 - 11.18

    Hizkuntza sexista terminoa, hizkuntzetan agerikoa den sexismoa  aditzera emateko erabilia da.  Nahiz eta jardunean ez konturatu, ohikoa da hizkuntza sexistaz baliatzea hitz egiteko orduan. Hau horrela izanda, oso ezberdinak dira hizkuntza ezberdinetan ageri den hizkera sexista maila:

     

    Euskararen zama sexista %5 da, ingelesarena %15, frantsesarena %40 eta gaztelaniarena %80. Hau kalkulatzeko orduan, kontuan hartzen diren faktoreak hurrengo hauek dira:

    • Genero gramatikalaren eta sexuen arteko erlazioa (el chico/la chica)
    • Maskulinoaren erabilpena genero komunaren balioaz (droits de l´homme, postman)
    • Aditzaren eta izenordeen sexualizazioa (míralo, escúchala; he/she)
    • Erro maskulinotik hitz komunak ( gizakia, mankind).

    Euskarak ez du genero gramatikalik eta hortaz, jendeak uste du ez dela hizkuntza batere sexista, (giza-, anai-, ema-, -gizon, -eme, -andre). Hirugarren pertsona singularra neutroa da (bera/hura), atzizki gehienak neutroak dira (-gizon, -eme, – andre kenduta). Aditzean genero bereizketa agertzen da hikako tratamenduan (parekoen arteko binakako komunikazioan sexua gramatika kategoria bihurtzen da:-n/-k).

    Baina hau horrela izanda ere beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa gure hizkuntzan, horren adibide dugu gazteleratik jaso dugun eragina esaterako. Hizkuntza maileguetan azaltzen da, esterako maskulino orokortzailea: nire aitek (mis padres), errege katolikoak (los reyes católicos). Hizkuntza sexistaren gai honetaz mintzo da Linda White. Berak fenomeno honi “genero kutsadura” deitzen dio eta euskararen kasuan ere aurki ditzakegu honen adibideak. Horrela, izen neutroak pentsamenduan genero batekin identifikatzen ditugu (medikua, langilea, politikaria, erizaina, idazkaria, garbitzailea). Hau, asoziazio kultural baten ondorioz gertatzen da. Baina ez da lanbideetara mugatzen soilik, gizonezkoek balio generikoa duen edozein esaldi bereganatzen baitute (gazteek = gizon gazteek). Hau gizartean zabalduta dagoela adierazteko, Tribuaren Berbak programako bideo bat gehitzen dugu:

    http://www.eitb.com/eu/telebista/programak/tribuaren-berbak/bideoak/osoa/1846338/bideoa-euskara-hizkuntza-sexista-al-da-asmakizuna-/

    Idatzitako hausnarketa eta bideo gehigarri honekin adierazi nahi duguna zera da, nahiz eta gure nahia euskaran inplizituki sartuta dagoen sexismoa baztertzea izan, gehienok barneratuta daukagun zerbait dela. Hau horrela izanda ere, hori baztertzen joan behar gara, zeren horrelako ohitura txikiek, hutsalkeriak diruditen arren, eguneroko bizitzako parte dira eta ez dute laguntzen genero arteko berdintasuna bermatzen.

     

    Hau ekiditeko, zenbait gomendioak atxikitzen ditugu:

    •  Ez galdu alderdi anekdotikoetan @-ren zuzentasuna (gaztelaniako generikoa osatzeko adibidez) eta emakume eta gizonen arteko harremanen azterketa egin.
    • Arreta berezia jarri prentsa, iragarki, futbol, internet eta bideojokoetan agertzen diren eredu eta esaeretan.
    • Adi egon, gizartean lortu ditugun aldaketa txikiak oso erraz galdu ditzakegu eta (Anuntxi Aranak esaten duen lez “aitzinamenduak ez dira itzulezinak”).

    HIZKUNTZA SEXISTAK

    ANIZTASUNA ABERASTASUNA DELAKO


    2014 - 11.18

    Josep Lluís Carod-Rovirak, Esquerra Republicana de Kataluniako presidente ohiak, honako esaldi hauek esan zituen duela aste batzuk Viajando con Chester telesaioan: “España es alérgica a la diversidad lingüística y cultural”, ” la diversidad lingüística y cultural no se ha visto como un valor”.

    Espainiako konstituzioko 3.artikuluari jarraiki, “Gaztelania da Estatuko hizkuntza ofizial espainiarra. Espainiarrek gaztelania ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea dute. Espainiako gainerako hizkuntzak ere ofizialak izango dira dagozkien autonomia erkidegoetan, haien estatutuen arabera. Espainiako hizkuntza ezberdinen aberastasuna kultura ondarea da eta ondare horrek begirune eta babes bereziak izango ditu.”

    Kontraesankorra dirudi nabarmendu berri ditugun esaldi hauek aldi berean azaltzea testu honetan. Horrek badu bere arrazoia halere. Irakurri bezala, Espainiako konstituzioak, estatuko hizkuntza aniztasuna aberasgarria dela, eta beraz hizkuntzak babestu behar direla aitortzen du. Gu, alabaina, Josep Lluís Carod-Rovirarekin guztiz bat gatoz eta eguneroko bizitzako hainbat gertakizuni erreparatzea besterik ez dugu hartaz ohartzeko.

    Altsasu eta Arrosadiako kideek seinaleak euskalduntzeagatik jasotako 6.000 eta 300 euroko isunak edo LOMCE legeak ez bakarrik euskara, baita katalan eta galegoaren aurrean erakusten duen zapalkuntza ditugu horren adibide. Azken honi helduz, horra hor Irene Rigau, Kataluniako hezkuntza sailburuak esana: “es el mayor ataque al catalán desde 1978”, “nunca un texto del ministerio había menospreciado tanto el catalán”, pues, “le da un tratamiento totalmente residual, es ofensivo contra el catalán, es un texto de involución”.

    Estatu espainola ez da, baina, hitz egiten ari garen zapalkuntzaren adibide bakarra, estatu frantsesa ere bada. François Hollandek esan zuen Europako Hizkuntza Gutxituen karta sinatuko zuela baina euskarari estatus berezirik ez ziola aitortuko. Hura euskarari dagokion estatusik aitortu nahi ez dionaren hizkuntza politika menderatzailea delakoan gaude.

    Aipatu berri ditugun kasuek aditzera ematen dute Frantzia eta Espainia bezalako estatuek darabilten hizkuntza politikek hizkuntza aniztasuna balioesten dutela. Gure iritziz, aniztasuna kaltegarria delakoan eta gaztelera eta frantsesa estatu haietako gainerako hizkuntzei gailentzen zaizkiela pentsatuz jarduten dute.

    Aniztasuna, baina,  guztiz onuragarria da jarraian aipatuko ditugun arrazoiengatik. Alde batetik, uste dugu hizkuntza guztiak direla baliozko erabilera esparru guztietarako. Bestetik, hizkuntzek bizirik irauten duten bitartean, hizkuntza eta kultura aniztasuna dakarte; hizkuntza bat galduz gero, mundua ulertzeko eta bizitzeko era bat galtzen ari baita. Gainera, hizkuntza aniztasuna ez da komunikaziorako oztopo, izan ere, itzulpengintzari esker, horri aurre egitea lortu da. Bestalde, norberarenaz bestelako hainbat hizkuntza daudela onartzeak gainerako hizkuntzekiko tolerantzia lantzea dakar. Azken batean, hizkuntza aniztasuna, animalien eta landareen aniztasuna bezala defendatu behar dugulakoan gaude.

    Erabaki politikoek, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikak, berebiziko garrantzia dute estatu bateko hizkuntza aniztasuna kudeatzerako orduan Frantzia eta Espainiako kasuetan ikusi dugun bezalaxe. Haien beharra da, askotariko hizkuntzei behar adina garrantzia eman eta estatu eta biztanleei dakarzkien onuraz jabeturik, haiek defendatu eta babestea.

     

    EUSKALDUNON EGUNKARIA


    2014 - 11.15

    Euskaldunon Egunkaria  1990ean zabaldutako egunkaria izan zen eta egoitza nagusia Andoainen zuen. Euskal Herri osora zabaltzen zen egunero, garai hartan euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra izanik. Eguna izan zen haren aurrekari bakarra, 1937ko zenbait hiletan zehar, Gerra Zibilean bete-betean, argitaratua. 2003ko otsailean, Espainiako Audientzia Nazionalak, egunkariaren itxiera agindu zuen ETAren tresna izatea leporatuz eta bertako hamar langile auzipetu eta hemeretzi atxiloarazi zituzten. Protestak (manifestazio, diru-bilketak…) jarraian etorri ziren erabaki horiek neurrigabetzat eta eskubideen zapaltzailetzat zirelakoan. Laster Berria sortu zen, eta honek Egunkaria ordeztu zuen. Hala ere, Egunkariaren auziak bizirik zirauen. Hedabidearen itxierako auzia 2010an amaitu zen Auzitegi Nazionalak absoluzioa ematean. Egunkaria ixteko eta arduradun haiek atxilotzeko neurriak inolako oinarririk gabekoak zirela onartu zen, eta ETArekin inolako loturarik ez zuela adierazi.

    Kontu korapilatsua izan zen Egunkariarena. Itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, akusazioak frogarik gabekoak ziren, ahulak eta inongo oinarririk gabeak. Guk atentzioa hain zuzen horretan jarriko dugu, hedabide baten bidez euskaraz informatu eta informatuak izateko eskubidea.

    Euskara gure nortasun emaile da, euskaldunon ikur garrantzitsu. Euskarak erabilera eremu guztietarako balio du eta bere prestigioa aitortu behar zaio.  Horregatik errespetua eskatzea zilegi da.

    Euskarazko hedabideak erabili eta dendatu behar ditugu eta horretarako eskubidea dugu! Ezin dute egunkari bat prebentiboki itxi inongo oinarririk gabeko akusaziopean. Zergatik ez zuten aztertu? Eta agintari horien ohorea? Euskararen estatusa?  Ez ditzatela gauzak nahasi eta utz diezagutela gure berriak euskaraz transmititu eta jasotzen.

    egunkaria

    ZER OTE DA????


    2014 - 11.15

    Kaixo lagunok!

    Hemen dago aste honetako asmakizuna:

    Amak bi ditu aitak ere bai,
    semeak bat ere ez
    eta alabak hiru.
    Zer da?


    Tresna-barrara saltatu