• Adibide-orrialdea
  • Archives
  • Categories
  • Archive for urria, 2014

    HITZETIK H-RA


    2014 - 10.30

    EUSKARAREN ESTANDARIZAZIOA

    http://www.argia.eus/mutlimedia/dokumentala/hizkuntzaren-estandarizazioa?ids=multimedia/dokumentala/hizkuntzaren-estandarizazioa

    “Euskararen misterioa ez da jatorria, iraupena baizik”

    -Koldo Mitxelena-

    Garai batean, Euskal Herrian analfabetismoa nagusi zenean, transmisio nagusia ahozkoa zen eta horrekin batera, euskararen erabilera altua zen. Baina gaur egunera etorriz, belaunaldiz belaunaldi euskara galtzen joan da, transmisioa arazo larriena izanda. Horrez gain, gaurko gaztediaren ignorantzia izan liteke errudun nagusia. Euskarak inguruan hainbat hizkuntza menperatzaile ditu, eta horrek ahuldu egiten du, hiztun askorentzat bigarren aukera  bezala bilakatuz. Hori gainditzeko, estrategia eta baliabide guztiak ustiatu behar dira.

    “Kultura hizkuntza izateko, eredu batua behar da”

    Aipamen honi jarraituz, eman zituen Euskara Batuak lehen hastapenak. Hizkuntza eredu baten beharra iraganetik zetorren. Arau finko batzuen premia sumatzen zuten euskaldun askok, horien artean zenbait idazlek. Hizkuntza batuak, komunitate osoaren kultura garapena sustatzen laguntzen zuela argi zegoen. Gainera, komunikazio, administrazio eta hezkuntza bateratua eta denentzat berdintasunez zuzendua nahi zuten lortu.  Horrela eman ziren Euskara Batua sortzeko lehen urratsak.

    “Dena intuizioz egin genuen”

    1918an sortutako Euskaltzaindiak, zerikusi handia izan zuen hizkuntza estandarraren sorreran. Baionako Biltzarrean ideia nagusia gauzatu zen, Txillardegi eta Mitxelena bertako partaide eta bultzatzaile nagusi izanda. Euskaltzaindiak berak onartu zuen, prozesu luze baten ondoren, Euskara Batuaren araudia eta normatibizazioa.

    “Premia larria zegoen inguruko hizkuntzekin lehiatzeko”

    Zenbait oztopo izan zituen Euskara Batuaren sorrerak. Batetik, bizkaitarren erantzuna gogorra izan zen, zeren sortzeko bidean zegoen eredua haien hizkeratik urrun zegoen. Bestetik, ideologia gatazkak sortu ziren. Batzuk, joera kontserbadorea bereganatu eta haien desadostasuna erakutsi zuten, bizitza eta kultura aldatzeko korronte gisa ikusten baitzuten. Mitxelenak, ikusi zuen gizartearen babesik gabe ez zela ezer lortuko. Beraz, zenbait alderdi politikoren laguntza bilatu zuen. Gainera, jendeak, Mitxelenak zioenari so egin zion. Zailtasun hauek guztiek, batuera indartu zuten.

    “ Nire hizkuntzaren beste parte bat da batua”

    Euskara batuak, zuzentasunaz gain, aniztasuna eta aberastasuna eman digu. Gainera, hainbat esparru bereganatu ditu, horien artean zientziarena.

    Nahiz eta euskara batuaren garapen prozesua ez den beste inguruko hizkuntzekin alderatuz oso luzea izan, urte gutxitan hainbat lorpen izan ditu, arlo ezberdinetara helduta eta gaur egongo mundu modernora moldatuta. Horrez gain, estandarraren garrantzia azpimarratu behar da, euskal komunitate osoa bateratzea lortu baitu, eta haien arteko komunikazioa erraztu.

    Euskara, ospela eta egutera


    2014 - 10.30

    Euskararen oroimen historikoa berreskuratu dute dokumental batean.

    Gipuzkoako Foru Aldundia Euskal Memoria fundazioarekin eta Gipuzkoako Udalarekin lankidetzan ari d, euskararen oroimen historikoa berreskuratzeko.

    Zigor Etxeburuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendariak esan duenez, Euskal Herrian hizkuntza normalizazioaz asko hitz egiten da, baina gutxiegi euskal hiztunen kontakizunaz. Hori aldatu egin beharko genuke historian zehar euskaraz bizitzeko traba, oztopo eta debeku gehiegi egon direlako, eta euskaraz bizitzeko egindako ahalegina miresgarria izan delako.

    Dokumentalaren izena Euskara, ospela eta egutera da eta euskal hizkuntzak jasandako zapalkuntza jaso eta euskararen transmisioari eusteko herri mugimenduaren berri ematen du.

    Gure arbasoek euskaraz bizi ahal izateko egin zuten ahalegina hunkigarria da. Gaur egun beraiek egin zuten ahalegin berdina egin beharko genuke eta denok euskaraz bizi.

    Honi buruz pentsa dezazuen hona hemen dokumentala.

    http://www.youtube.com/watch?v=IXy8W7B786Q

    Ez Dok Amairu


    2014 - 10.30

    Ez Dok Amairu XX.mendearen bigarren erdialdean sortutako Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardista izan zen. 1965 eta 1972 urteen artean, hainbat abeslari, idazle eta intelektual izan ziren bertako partaide. Garai hartan, Espainiar estatua Frankismoaren diktadura erreprimitzailearenpean zegoen. Diktadura guztian zehar, euskara eta euskal kultura garatzea guztiz debekatu zuten. Mugimendu hau, hortaz, klandestinitateko giroan sortu zen. Hala ere, oso garrantzitsua izan zen egoera zapaltzaile hartan euskara babesteko eta mantentzeko. Bertan parte hartu zuten euskal kulturaren bultzatzaileak, ondorengo hauek izan ziren: Joxean Artze, Jexux Artze, Nestor Baterretxea, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Julen Lekuona, Benito Lertxudi, Xabier Lete eta Jorge Oteiza.

    Izenaren jatorria, nondik dator? Behin, Artze Iriondoren etxera joan zen. Bertan Euskal Herriaren Jakintza liburua ikusi zuen eta bertako ipuin baten titulua San Martinen estutasuna zen. Ez dok Amairu izena ipuin horretatik hartu zuen, zenbaki horren ustezko sorginkeria ezeztatu nahian. Hau Oteizari jakinarazi zion taldeko kide guztiei proposatu baino lehen. Azkenean talde honen izentzat hartu zuten.

    Denboraren poderioz, hainbat arazorekin topo egin zuten eta taldeak ezin izan zuen aurrera jarraitu. Alde batetik, hainbat emanaldi ematen zituzten diru gutxiren truke eta, beraz, egindako lan guztiaren pisua sumatzen hasi ziren. Bestetik, presio politiko sindikala jasan zuten. Kanpoko presioa ere kontuan hartzekoa zen, hainbat kritika jaso baitzuten, sarritan, protesta falta zela eta. Orduantxe sortu zen Zazpiri Bai izeneko taldea mugen beste aldean. Talde berri honetako partaide batzuk honako hauek izan ziren, besteak beste: Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Pantxoa eta Peio.

    Gure aburuz, garai horretako egoera ikusirik, txalotzekoa da hauen ahalegin guztia. Milaka oztopori aurre egin zioten, zentsura tartean zelarik, eta beldurrik gabe euskal kultura eta hizkuntza ahal zuten heinean zirrikitu txikienera hel zedin lan egin zuten. Gehiengoaren usteak eta nahiak plazaratzeko ausardia izan zuten, beti ere hizkuntz aberastasun handia erakutsiz.

     

    360px-Ez_Dok_Amairu

    Hona hemen eitb-ek Ez Dok Amairuren inguruan eginiko dokumental interesgarri bat.

    http://www.eitb.com/es/videos/detalle/884228/video-transicion-democracia–ez-dok-amairu/

     

    BABESTU, DEFENDATU, BULTZATU


    2014 - 10.23

    Euskal Herriko Unibertsitateko 1.mailako ikasleak garen aldetik, lehen ikasturtea dugu 2014-15eko hau. Kanpusean euskararen erabileraren egoerak bereziki kezkatzen gaitu, izan ere, bertako langile zein ikasleen artean sarritan nekez entzuten dugun hizkuntza baita gurea.

    Lehenik eta behin, idazkaritzan bekei buruzko informazioa jasotzerakoan, eskolarako fotokopiak egiterakoan hartaz arduratzen diren langileekin hartu-emana izatean eta informazio gunean eraikinean kokatzeko zailtasunak euskaraz adieraztean, erantzuna gaztelaniaz jaso izan dugu eta, are gehiago, azken kasu honetan itzulpena eskatu izan digute.Ez al zaizue kezkagarria iruditzen instituzio publiko euskaldun batean euskara hizkuntza bezala gutxiestea eta euskaldunekiko izugarrizko errespetu falta?

    Ez da bidezkoa, hala ere, langileei erru guztia egoztea ikasleok ere joko kaltegarri honetan parte hartzen dugu eta. Ikasketak euskaraz nahiz gazteleraz jaso ditzakegula argi dugu bai, baina euskarazko gradua egiten ari direnen artean maiz gaztelerara jotzen dutenak daude. Gela barruan ere euskara defendatzeko aipuak noiznahi entzuten ditugu eta jarraian alboko klase-kidearekin gaztelaniaz mintzatu.

    Denok gara unibertsitateko kide eta denon artean lortu behar dugu euskarak merezi duen tokia lor dezan. Unibertsitatea dugu horretarako tresna, azken batean euskara babestu, defendatu eta bultzatzeko.

    BERRIA ARRISKUAN


    2014 - 10.23

    Eusko jaurlaritzak aurtengo diru laguntzen kudeaketa egin du eta komunikabideen kasuak zeresan handia izan du. Jaurlaritzak diru sailkapen hau egiteko orduan aholkulari talde batengana jo du baina ez da harremanetan jarri inongo komunikabide taldeekin. Horrela, euskal hedabide gehienak kaltetuak izan dira. Horren adibide argia dugu Berria egunkaria, euskara hutsean argitaratzen den bakarra. Honek inoiz baino diru sarrera gutxiago jaso du, zehazki %14ko jaitsiera, iazko diru laguntzarekin alderatuz. Kasu berean aurkitzen dira euskara bultzatzen duten beste hedabide batzuk ere Elhuyar eta Hamaika telebista. Kontuan izan behar da eremu honi zuzendutako aurrekontu orokorra berdina izan dela, hortaz beste tokiko komunikabide batzuk diru laguntzaren igoera nabaritu dute.

    Hau ikusita Berriak neurri batzuk hartzea erabaki du jaitsiera hau gehiagotan gerta ez dadin. Horrela euskal komunitatean bere desadostasuna adierazi eta hurrengo urteetan hau ekiditeko sinadura bilketa bat bultzatu du irakurleen artean. Honetan parte hartzeko deialdia egin du sare sozialen bidez eta bere webgunean zure sinadura emateko aukera dago.(http://www.berria.info/babestuberria)

    berria-info

    Egunkari bat ideiak eta gertakizunak helarazteko tresna denez gero oso abersagarria da horrelako hedabide bat euskeraz irakurtzeko aukera izatea. Aukera hori, gure egunkari honek ematen digu. Hortaz, murrizketa hauen bidez ideiak euskaraz zabaltzea oztopatzen da eta horrek euskararen erabilera esparrua murriztera eramaten gaitu.

    HIZKUNTZA BAT BAINO GEHIAGO


    2014 - 10.23

    Joan den astebukaeran (2014/10/18) K-movie lehiaketaren finalisten berri izan genuen. K-movie, Bizkaian euskarak dituen berezitasunak eta bere aldeak erakusteko bideo laburren lehiaketa da. Lehiaketa honetan hainbat izan dira parte hartu duten euskaldunak. Honako honetan, 3. saria jaso dutenen laburmetraia atxikitu dugu:

    http://youtu.be/ccr5CHVyaXA

     

    “Hizkuntza bat baino gehiago da”. Bideoan argi antzeman dezakegun bezala, euskara eguneroko biztzako hizkuntza izateaz gain, euskaldunon nortasunaren erdigune dugu. Gure tradizio, ohitura, bizimodu eta sentimentuak barnean daramatzan eta azaleratzen laguntzen duen tresna da. Euskara ez da soilik elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dugun bidea, euskararen erabilpenaren bidez argi geratzen da gure sentimendua zein den. Gainera, hizkuntzak, gure arteko ezberdintasunak gainditu eta denok batera euskaldun guztiok amesten dugun helburua lortzera bideratzen gaitu: EUSKARAREN BIZIRAUPENA .

    Atzo, gaur eta biharko bizitzeko era da.
    Barruan ditugunak kanporatzeko modua.
    Sentimenduei hitz itxura ematen diena.
    Eguzki eta ekaitzak jasan dituen arren,
    urdin eta berde artean ahos aho aurrera doana.
    Ikasteko zein ondo pasatzeko,
    barkatzeko eta eskerrak emateko,
    haserre zein poztasunak iragartzeko,
    bizitza beste modu batean ikusteko,
    erabiltzeko.
    Egunsentiei izena emateko eta izarrak zenbatzeko,
    paisaia ederretan murgiltzeko eta gizartean aritzeko.
    Gauza txiki handi bat da.
    Dotorea eta goxoa.
    Hitzez hitz maitasunez jantzia.
    Hatz puntek ukitu ezin,
    baina bihotza lanztantzen duena.
    Bizkaiko jendartean egunerokoa.
    Baserri zein hiri,
    landa zein itsaso,
    etxean zein kalean.
    Batzuetan lotsati,besteetan ausart,
    baina ikustaraztea lortzen duena.
    HIZKUNTZA BAT BAINO GEHIAGO DA

    Euskararen eskailerak


    2014 - 10.19

    http://www.berria.eus/paperekoa/2058/002/001/2014-10-19/euskararen_eskailerak.htm

    EUSKARAREN ESKAILERAK-Berria.info

    Hezkuntza da euskara biziberritzeko gakoetako bat. Euskal Herrian, murgiltze eredura bildu dira ikasleen erdiak baino gehixeago. Hutsunea dago herrialde batetik bestera, halere. Bost ikasletik batek ez dauka euskara ikasgai modura ere.

    Aski ez dela argi diote adituek, eskolak bakarrik ezin duela euskara biziberritu. Baina dudarik ez dago hezkuntzak berebiziko garrantzia duela bide horretan. Euskararen babesleku dira eskolak. Batzuk. Hiru ikasletik batentzat, izan ere, euskara ia ikusezina da ikastetxean: erdara hutsean ikasten dute %20k, eta euskara ikasgai bakar modura dute %14k. Euskal Herri osoko datuei erreparatuta, euskarazko murgiltze eredua ageri da buruan —%51 ikaslerekin—, baina errealitate gorria ezkutatzen du datu horrek. Nafarroan eta Nafarroa Beherean, euskara ikasgai modura ere ez daukate bostetik hiruk; Lapurdin eta Zuberoan, lautik hiru dira.

    Zazpi herrialdeen argazkia egin du BERRIAk, eskoletako hizkuntz ereduak herririk herri azterturik —hurrengo orrialdeetan dago mapa osoa—. Aldakorra da egoera herri batetik bestera —denek ez daukate eskolarik, denetan ez dituzte eredu guztiak eskaintzen…—, baina leku batetik bestera nolako diferentzia dagoen argi agertzen du. Zein eskailera mailatan dagoen bakoitza. Zenbat egin duten bakoitzean, eta zenbat dagoen oraindik egiteko.

    ESKOLETAKO ARNASGUNEA

    Hutsunea herri handietan

    Gero eta kontzeptu zabalduagoa da arnasguneena; indar handiena, benetako arnasa, zein lekutan daukan euskarak. Datua: hiru herritik batean euskarazko murgiltze eredua soilik daukate —439 herrietatik, 147tan—, gainerako ereduek gutxieneko eskaririk ez eta. Herri txikiak dira ia guztiak, nolanahi ere, eta pilaturik daude Gipuzkoan eta Bizkaian, eta Arabako eta Nafarroako iparraldean.

    Herri handiagoetan dago gorabehera gehiago; inguruko herri txikietan baino leku eskasagoa du murgiltze ereduak. Gipuzkoan, Donostia bera da adibide: herrialdean, ikasleen %80 ari dira D ereduan, eta hiriburuan, %60 eskas. Herri handietako datuek erabat baldintzatzen dute egoera, ikasle gehienak biltzen baitituzte. Lapurdin, esaterako, Baionako eta Angeluko egoera zama da: %3 eskas dira murgiltze ereduko ikasle.

    Euskarak hezkuntzan arnasa estua duen lekuak ere ageri dira. Nabarmena da hori Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta Nafarroako hegoaldean. Inguru horietan, ikastoletan soilik eskaintzen dute euskara ardatz gisa hartzen duen hezkuntza. Eredu elebidunak badaude, baina erdara hutsezkoak indar handia du: Ipar Euskal Herriko 38 herritan, adibidez, ikasle guzti-guztiak ari dira frantses hutsezko eskoletan.

    MAILAZ IGOTA, AHULDADEA

    Euskaraz jarraitzeko traba

    Haur hezkuntzan etengabe ari da euskara lekua irabazten. Umeak eskolan hasteko garaian, gero eta guraso gehiagok ematen diote garrantzia euskaraz ikasteari. Arazoak gero datoz: mailetan aurrera egin ahala, ikasleak galtzen ditu murgiltze ereduak. Arabako iazko datuak adibide: Haur Hezkuntzan, %57 ziren D eredukoak; gora joanda, baina, Batxilergoan %47ra jaisten da portzentajea, eta Lanbide Heziketan, %11ra. Eta ez da belaunaldi aldaketagatik bakarrik. Nafarroa: Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, %13 dira D ereduan; belaunaldi hori bera Lehen Hezkuntzan ari zen orain hamar urte, eta %23 ziren murgiltze ereduan.

    Ipar Euskal Herrian oso handia da galera, hasierako hezkuntzan ere egoera txarra dela kontuan izanda. Lehen mailako datuak: %63 frantses elebakarrean, %28 elebidunean, eta %9 euskarazko murgiltzean. Bigarren mailan: %89 frantses elebakarrean, %8 elebidunean, eta %3 murgiltzean.

    Hautu baldintzatu baten isla da: eskaintza txikia —lanbide heziketan oso nabarmen—, euskaraz ikasteko trabak —geroko ikasketa guztiak ez daude euskaraz; baxoa ezin da euskaraz egin—… Ikasleen euskara maila apala ere traba dela agerrarazi dute ikerketa batzuek. Horren guztiaren ondorioz, eskolan hastean euskararen alde eginiko hautua trabaturik geratzen da.

    ERDARA HUTSEZKO EREDUAK

    Euskararako joeratxoa

    Bost ikasletik bat erdara huts-hutsean eskolatzen bada ere, nabari da eredu horietatik euskarazkoetarako joera bat. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, mila ikasle baino gehiago irabazi ditu murgiltze ereduak hamar urtean; %57ko hazkundea da. Oraindik ahul dago, nolanahi ere: ikasleen %6,5 ari dira murgiltzean. Sail elebidunek 500 ikasle gehiago dituzte, eta frantses elebakarrak, 450 gutxiago —ikasleen %4 galdurik—.

    Beste era bateko mugimendua nabari da Nafarroan, konplexuagoa —ingeles programak sartzeak erabat zaildu du alderaketak egitea—. Batetik, D ereduak goralditxoa izan du, A ereduaren jaitsieratxoarekin batera —%25 aldean egonkortuta dago D eredua—; bestetik, nagusitasun gero eta argiagoa du G ereduak —ingelesez ikasteko programei lotuta maiz—.

    A ereduaren jaitsiera nabari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: ia erdia galdu du hamar urtean. Ikasleen %15ek baino gutxiagok aukeratzen dute —Araban du pisu handiena, eta nagusia da zenbait herritan—. Haur hezkuntzan oso bazterreko eredua da, eta ghetto traza ere hartzen diote aditu batzuek, etorkinak baitira gehienak.

    Salbuespen itxurako datuak dituzte herri batzuetan. Zamudion eta Berangon (Bizkaia), adibidez, erdara hutsezko eredua dago buruan, euskara ikasgai gisa ere ez duten ikastetxeak baitaude —bat amerikarra eta bestea frantsesa—. Nafarroako Erriberan Fontellasek du ezberdintasuna: Argia ikastola han dago, eta nagusia da herrian —Tutera ondoan dago Fontellas—. Kasu bera da Larzabalekoa (Nafarroa Beherea) eta Alozekoa (Zuberoa). Ikastola bakanak han dira.

    EUSKALDUNTZEKO TRESNA

    Indarra leku erdaldunetan

    Euskarak kalean indar gutxi duen herri batzuetan euskarazko murgiltze ereduak du ikasle gehien. Adibide argia da Arabako eta Bizkaiko herri batzuena: Turtzioz, Lapuebla de Labarca, Kanpezu… D eredua soilik dute herri horiek. Zalantzarik gabe, euskarazko ikastetxeak zabaltzeak, hezkuntzan egindako ahaleginak, zerikusia izan du euskararen ezagutza areagotzean. Araban, esate baterako, 1991n baino hiru aldiz elebidun gehiago daude; gazteak dira gehien-gehienak. Aintzat hartzekoa da ikastolen eragina ere, batez ere Iparraldean eta Nafarroako eremu ez-euskaldunean, portzentajean ikasle kopuru handia ez daukaten arren euskararen arnasa indartzen baitute.

    Itoguneak ere bai baitira leku horietan. Nafarroako eremu ez-euskaldunean %4 eskas ari dira D ereduan —ikastolek soilik eskaintzen dute—. Are eta gordinagoa da Ipar Euskal Herriko egoera. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Lapurdin %24 dira elebidunak; eskolan, berriz, %6 eskas ari dira euskara hutsez. Are, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: herritarren %52k badakite euskaraz, baina eskolan %10 ere ez dira ari murgiltze ereduarekin. Seaskako ikastolena da eskaintza hori. Isuri baten gisan ari da elebidunen kopurua jaisten Ipar Euskal Herrian, nahiz eta gazteen artean pixkana hasi den goranzko bidea.


    Tresna-barrara saltatu