• Adibide-orrialdea
  • Archives
  • Categories
  • BLOGAREN AMAIERA

    2014 - 12.20

    Kaixo lagunok:

    Abenduaren 20 honetan, hizkuntzen inguruko albistez josi zaituztegu. Notizien kontua ez da bertan bukatu hala ere. Honako hau jakinaraztea gustatuko litzaiguke: 2014-2015eko lehen lauhilekoa ia amaitu dugularik, Euskaraz Barriketan blogari agur esateko unea iritsi da. Hizkuntzei buruzko hamaika albiste, iritzi-artikulu etab. eskaini izan dizkizuegu hile hauetan zehar, betiere denok informatu, hausnarketara bultzatu edota SINPLEKI entretenitzeko.

    Blogaz guk bezain beste gozatu duzuelakoan agurtzen zaituztegu,

    Amaia, Idoia, Itxasne, Nahia eta Nerea

    HEZKUNTZAREN 3 ARAZO: EZIN ORDAINDU, EZIN INTEGRATU ETA EZIN EUSKALDUNDU

    2014 - 12.20

    Krisi ekonomikoak sare publikoko eskolengan izan du eragin handiagoa itunpekoekin alderatuz. Berria egunkariak honekin loturiko txosten bati buruzko artikulua landu du, eta Eskola Kontseiluaren ustez, adierazle sozioekonomikoak eta emaitza akademikoak erlazionatuta daude, eta horregatik, bi eskaera egin dituzte. Batetik, gai horren inguruko ebaluazio sakonagoak egitea, eta bestetik, baliabide gehiago izatea.

    Horrez gain, ikasle atzerritar gehienek A ereduan eta sare publikoan ikasten dute.

    Bestalde, euskara irakats hizkuntza duten ikasleen %25ak euskararen behar besteko ezagutzarik ez duela, Kontseiluak txostenean azaldu duen beste kezka bat da.

    Ikasle horiek eskola giroan soilik egiten dute euskaraz, etxean eta kalean berriz, gaztelania erabiltzen dute. Hortaz, bai eskolan baita ikasgelatik kanpo ere euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak abian jartzeko eskatu du Kontseiluak.

    Ikus dezakegun bezala, krisiak alde guztietatik eragiten du, baina kasu honetan hezkuntzan duen eragina aipatzen da. Baliabide gehiago izateak asko lagunduko luke adibidez beka gehiago banatzeak, era horretara familietan laguntza gehiago sustatzen da. Etorkinak A ereduan matrikulatzen dira eta D ereduan matrikulaturikoen zati handi batek euskara ikasgelan soilik erabiltzen du. Egoera hori hobetzeko ere baliabide gehiago behar dira, sustapena gauzatzeko egitasmo gehiago egiteko.

    http://www.argia.eus/albistea/sare-publikoko-ikasleek-itunpeko-ikastetxeetakoek-baino-beka-gehiago-behar-dute

    Euskararik ez zaie eskatuko Donostiako Euskararen Aholku Batzordeko kideei

    2014 - 12.20

    Pasa den ostiralean, Berria egunkariak argitaratutako artikulu batean, plazaratu zen abenduaren 18an onarturiko legearen arabera Donostiako euskararen aholku batzordeko kideei ez zaiela euskaraz jakitea derrigortuko.

    Udal gobernuak komunikatzeko hizkuntza euskara izatea zentzuzkoa dela uste du; EAJ, PP eta PSE-EE-ko kideak aldiz, ez datoz bat honekin. Bi hizkuntza ofizialak jakitea baldintza moduan jarri nahi zuten, baina oposizioak aurka egin zuen eta ezin izan zen hala izan, eskakizun hori betetzen baldin bazen, hainbat alderdi batzordetik kanpo geratuko zirela argudiatu baitzuten.

    Ez gara lege honen aldekoak, ez baitauka inolako zentzurik euskararen aholku batzordeko kide izan eta euskaraz ez jakiterik, kontraesankorra da guztiz. Zer aholkatuko du pertsona horrek? Zer proposatu? Ze gomendio emango ditu ezagutzen ez duen hizkuntza batez? Nolatan ausartuko da herritarrei euskara erabil dezaten adieraztera adibidez? EAE-n aipatu berri dugun bezalako kargu politikoren bat eduki nahi izanez gero, euskara menderatzea ezinbestekoa dela uste dugu; gureaz, hots euskaraz, aholkatu ahal izateko, hartan mintzatzeko gai izan beharko litzateke.

    gukereeuskera_destacado

    Gabonak ere euskaraz

    2014 - 12.20

    Abenduaren 22tik 4ra bitartean euskarazko 14 film ikusi ahal izango dira euro baten truke.

    Zinebokak egitasmoa familia guztiarentzako euskarazko film sorta bat gabonetan eskaintzeko asmoz aurkeztu zen iaz. Arrakasta handia izan ondoren, aurten egitasmoa berrikuntza nabarmenekin errepikatuko da.
    Alde batetik, egitaraua luzatuko da eta zikloak gehiago iraungo du oraingoan; bestetik, 14 film proiektatuko dira 24 saioetan. Aurten gainera zikloa Iparraldera zabalduko da Urruñako Itsas Mendi zinema aretoaren partaidetzarekin. Donostiako Printzipe, Bilboko EiTB-Multibox eta Golem Alhondegia, Gasteizko Florida eta Iruñeko Golem-Baiona aretoak dira gainontzeko partaideak.

    Abenduaren 22tik 26ra bitartean, Multibox aretoan aurkeztuko dira filmak, eta abenduaren 27-28 eta urtarrilaren 3-4ean gainontzeko aretoetan, euro baten truke. Zineuskadi Elkartea, Euskadiko Filmategiak eta EiTBren eskutik heldu da aurten ekimen hau gure aretoetara.

    Gaur egun, zoritxarrez, ez digute euskarazko behar adina film eskaintzen eta ondorioz, erdarazko komunikabideetara jotzen dugu askok. Fenomeno hau umeen artean gero eta gehiago gertatzen ari dela konturatu gara eta hortaz, zer edo zer egin behar dela uste dugu. Horregatik, ekimen hau Euskal Herriko neska-mutilak zinea euskaraz ikustera zaletzeko ideia aparta delakoan gaude. Gainera sarreraren prezioa egokia da familia guztiek zinera joateko aukera izan dezaten. Beraz, badakizue, aukera baldin baduzue eraman ezazue familia osoa zinemara.

    logo

    Olentzerori buruzko eztabaida politikoa

    2014 - 12.13

    olentzero

    Gabonak gainean ditugu, kaleak koloretako milaka argiz daude apainduta eta umetxoak Olentzerori haien gutunak idazten hasiak dira jada. Gogoan dugu Olentzerok eskatutako opariak etxeko zuhaitz edo jaiotzaren magalean uzten zituenekoa, poza handia zen, ilusioa ikaragarria.

    Denok dakigunez, urtean behin Euskal Herriko etxe guztietan opariak uzten dituen pertsonaia da Olentzero. Euskal kulturaren parte da, gure identitatearen zati. Gizon euskalduna da eta beraz, umeak hari euskaraz zuzentzen zaizkio gutunetan haien eskakizunak plazaratzen dizkiotenean. Herriko plazetan ere, euskaraz jarduten du Olentzerok umetxoekin hauek haien nahiak azaltzera joaten zaizkienean.

    Guretzat poztasun iturri dena, ordea, askorentzat eztabaida gai bihurtzen da. Izan ere, Olentzeroren irudiak kritika gogorrak jasan ditu espainiar nazionalismoaren aldetik. Zenbaiten esanetan, haren figura modu artifizialean sortu zen eta ideologia abertzalean hedatzeko erabilia izan da. Horren adibide dugu Iruñean, kasu, isunak eta bestelako trabak jartzea Olentzeroren ibilbideen antolatzaileei edota herri batzuetan egondako Olentzeroren irudi apaingarriak birrinduta agertzea. Nolatan esan dezakete artifiziala dela? Hari buruzko kondairak erruz ditugu eta herriz herri, pertsonaz pertsona aldatzen dira. Zertarako hondatu haren irudiak? Traba egiten al diete?

    Edonola ere, haren figura defendatu beharra dugu, ez daitezela euskal kulturan horren garrantzitsua den irudia zapuzten saiatu. Olentzero gurea da eta Euskal Herriko etxeak poztasunez betetzen jarrai dezan nahi dugu.

     

     

    EUSKARA EZ BADAKIGU ETA EZ BADUGU NAHI IKASI, EUSKAL HERRITIK JOAN BEHAR GARA?

    2014 - 12.13

    http://www.eitb.eus/es/television/programas/el-dilema/videos/detalle/2769544/video-debate-situacion-euskera/

    Estekean gehitu dugun bideoan oinarrituko gara hurrengo sarrera hau egiteko. Bertan, galdera hau planteatzen da: Euskara ez badakigu eta ez badugu nahi ikasi, Euskal Herritik joan behar gara?

    Dilema hau emakume donostiar batek EITB-n eginiko parte-hartzea baten ondorioz sortua izan zen. Berak galdera hori proposatu zion Sortuko-buruari eta honen erantzuna oso zehatza izan zen. Euskara ikasteak aberasasuna dakar aspektu guztietan. Euskal Herriko zazpi probintzietan 3 hizkuntza daude, gaztelania, frantsesa eta euskera bera. Azken hau hizkuntza ofizialetako bat izanda, euskaraz baliatzen garen euskaldunok, gure bizitza pribatu zein publikoan, eskubide osoa dugu edozein erakunde publikori zuzenduz gero gure hizkuntza erabiltzeko eta horrekin erantzunak jasotzeko. Horri guztiari euskara bezalako beste hizkuntza bat ikasteak dakarren onura pertsonala gehitzen zaio.

    Bideoa, ondoren esparru ezberdinetako adituen eztabaidara zuzentzen da. Emakumeak eta euskal alderdiko partaideak esandakoari buruz eztabaida luze bat eta gero hainbat ideia ezberdin nabarmentzen dira: Emakumearen jarrera muturrekotzat eta sortez ezohikotzat hartzen da. Bere ideiak, ideologia-politiko baten menpe daudela esaten da beste edozerren gainetik. Gainera jarrera ezkor horrekin planteatzen duena oso ezohikoa dela dio eztabaidako parte-hartzaile batek, zeren edozein esparru publiko zein pribatura zuzenduta gazteleraz jarduteko aukera izango da beti. Horrez gain, donostiar emakumeak dio bere ondorengoei ez diela euskara ikasteko aukerarik eman nahi. Horri, gogor erantzuten dio solaskide batek. Berak dioenez, umeei euskara ikasteko aukera kentzea ez da betere onuragarria. Guraso guztiek nahi dute haien seme-alabek ingelesa bezalako hizkuntza garrantzitsua ikastea haien etorkizunerako ona baita. Hortaz, aukera ematen badiegu lan-merkatu internazionalera zabaltzeko, zergaitik kentzen diogu euskarak ematen duen aukera bertoko lan-muundura zuzentzeko, eta horrela seme-alaba gazteek hezkuntza oso eta aberatsa izateko.

    Planteamendu horrekin bukatzen da eztabaida. Honetan parte hartzen duten solaskideek proposatzen dituzten hainbat ideiekin bat gatoz gu. Hortaz ideiak berriro ez errepikatzeko beste ekarpen bat nahiko genuke egin ildo honekin jarraituz:

    Taldekide guztiok euskaldun eta euskara erabiltzen dutenak izanda, unibertsitatean bertan, esparru publikoa izanda, euskara erabiltzeko aukera eragozpena nahiko genuke salatu. Berton, liburutegian edo idazkaritzan, langileen euskara jakintzaren galera handia sumatu dugu. Horrek guri, gurea den hizkuntza erabiltzea eragozten digu. Euskararen erabilera pobreaz gain, lotsagarri gisa jotzen dugu langileei euskaraz zuzendu eta erantzuna gazteleraz jasotzea. Noski hori ekiditeko hainbat bide daude, eta guk horietako batzuk hartu ditugu. Esaterako, erdaraz erantzuna jaso eta gero, elkarrizketa euskaraz jarraitzea edo erreklamazio-orria betetzea tamalgarria iruditzen zaigulako honek horrela jarraitzea eta langileen interes falta arazoari aurre egiteko. Beraz, bai unibertsitatean bai beste edozein esparru publikotan, oinarrizko euskara maila bat exijitzen dugu eta euskaldun guztiok horren alde borrokatzea proposatzen dugu.

    Euskara, munduan gehien erabiltzen den hizkuntzetako bat

    2014 - 12.13

    txapela_buruan_logo

    http://www.eitb.eus/es/television/programas/el-dilema/videos/detalle/2769614/video-el-euskera-es-lenguas-habladas-mundo/

    Kike Amonarrizen esanetan, euskara, hizkuntza gutxitu bat izanda ere, munduan gehien erabiltzen den hizkuntzetako bat da.

    Munduan 7000 bat hizkuntza badaude eta eskala bat eginez gero 1etik 10era, zenbaki bakoitzean 700 hizkuntza egongo ziren. Euskarak dituen hizkuntz kopuruaren arabera galdetzean euskal herriko kaleetan, gehienek nahiko maila baxuetan jartzen dute, lehenengo, bigarren eta hirugarren postuetan hain zuzen ere, baina uste guzti hauek okerrak dira. Euskara bederatzigarren postuan aurkitzen baita, hau da, munduan dauden hizkuntzen lehen %10ean hain zuzen ere.

    Euskarak milioi bat hiztun ditu, horrela, munduan 400-500 bat hizkuntza daude bakarrik euskara baino hiztun gehiagorekin. Hau honela bada, zergatik kokatzen dugu euskara hain maila baxuan?

    Ingelesa, gaztelania eta frantsesaren moduko hizkuntzekin konparatzeak dauka errua guztia.  Munduan hain hiztun kopuru handia duten beste hamar bat hizkuntza aurkitzen dira bakarrik, gainontzeko hizkuntza guztiek askoz ere hiztun gutxiago baitaukate. Gaur egun, euskarak, zenbait estatuko hizkuntzek baino hiztun gehiago ditu, baina zoritxarrez guzti honek ez du esan nahi euskara hizkuntza gutxitua ez denik.

    Euskara, hiztun kopuruaren aldetik bederatzigarren postu horretan sartzen badugu ere, ez gara ahaztu behar hizkuntza gutxitu bat dela. Bestalde, euskararen normalizazioan eta zabalkuntzan pausu garrantzitsuak ematen hari garen arren, oraindik bide handia dago euskara euskal herri osoan zabaltzeko, eta euskal herriko edozein herritan eguneroko bizitza euskaraz gauzatzeko.

     

    Euskararen Eguna, “paripea”?

    2014 - 12.06

    Hau dio Mikel Garcia Idiakezek Euskararen Egunaren inguruan:

    Bizi dugun errealitatea medio, Mintzalaguna bezalako ekintza artifizialak antolatu behar izatea ulertzen duela esan zidan Idoia Genua AEK-ko irakasleak, baina euskara modu eta ingurune naturalagoetan erabiltzea dela gakoa, eguneroko ekintzetan eta eguneroko jendearekin. Euskararen Egunak ere badu artifizial eta itxurakeria kutsurik:

    Gainerako egunetan euskaraz hitzik egiten ez dutenak gure hizkuntza zenbat maite duten azpimarratzen entzuten ditugu, euskararen alde pailazoak eta haur jolasak antolatzen dituzte (badakizue, haurrak dira euskaraz egin behar dutenak), hizkuntza politika negargarriak dituzten agintariak gorazarre egiten diote euskarari (poesia hutsa da euskaraz apenas egin ohi duen nire herriko alkatearen Euskarak igorri didan whatsappaz idatzia, zer eta herritarrak euskara erabiltzera bultzatuz). Eta jakina, euskara ikusarazteko, erabiltzeko, zabaltzeko, aldarrikatzeko euskaltzaleek asmo onez prestaturiko ekintzak ere izaten ditugu Euskararen Egunaren aitzakian, urteko gainerako egunetan euskarari kentzen zaion, dioten, diogun protagonismoa emateko.

    Arkaitz Oiartzabal Xamoak gutxi gorabehera honakoa abestu zuen Kabigorriko bertso-saioa:

     

    “Ni naiz egun hau paripe

    bihurtu dela seguru,

    baina oraindik tamalez

    paripea behar dugu”.

     

    Horixe bera.

    aitzina-puntu-eu

    Artikulu honetan esaten den bezala, gaur egun ekintza artifizialak antolatzen dira euskararen inguruan, baina euskara modu naturalean erabili behar dugu gure ingurune sozialean, hau da, lagunartean eta familiartean. Horri begira, esaten da Euskararen Eguna itxurakeria bat dela. Urte osoan zehar euskaraz hitz egiten ez dutenek euskara adoratzen dutela esateko aitzakia bat dela egun hau esan daiteke.

    Egia esan, lotsa pixka bat ematen du hau onartzeak, baina errealitate bat dela nabarmena da. Gaur egungo euskararen egoera larria dela denok dakigu eta belaunaldiz belaunaldi gero eta larriagoa bihurtzen hasi da. Baina egia da azken finean, Euskararen Eguna bezalako ekimenek, aitzakia gisakoak izan arren, euskara “bultzatzeko” bide bat direla.

    Lotsa hori baztertzeko, guk daukagu giltza, guk bakarrik konpon dezakegu hau. Horretarako beti esaten eta entzuten dugun bezala, euskaraz mintzatu behar dugu eta behin eta berriz errepikatu behar diogu gure buruari euskara ez dela hizkuntza soil bat, bizitzeko modu bat dela eta historikoa den gauza bat dela, horregatik ezin dezakegu galtzen utzi, ezin dezakegu gehiago gutxiagotu.

    Euskararen jatorria

    2014 - 12.06

    Peter Bakkerren hitzaldiak eta euskararen egunak gure hizkuntzaren jatorriari buruzko hausnarketa egitera eraman gaitu. Euskara euskaldunen altxorra da, guztion ondarea, eta daukagun bereizgarririk handiena, baina oraindik ez dakigu hainbeste maite dugun hizkuntza  nondik datorren.

    Indoeuropar hizkuntza erromantzez inguratuta dagoen arren, hizkuntza isolatua da euskara, ez du bere familiako beste hizkuntzarik. XVI. mendetik aurrera galdera eta ikerketa ugari egin izan dira jatorri geografiko eta genetikoari buruz, baina erantzunak ugariak izan dira, ezer zehatzik aurkitu gabe eta ondorioz teoria ugari sortaraziz.

    Hauek dira Euskararen jatorriari buruzko teoria nagusiak:

    Mediterraneoko hizkuntza pre-indoeuroparrak

    Euskararen jatorria hizkuntza pre-indoeuroparren artean kokatu zuen teoria 1920 eta 1950 urte inguruan plazaratu zen, Europako zenbait toponimo aztertu eta horietako askoren atzean euskal erroa zegoela ikusi zutenean. Nolanahi ere, egia izan arren euskararen eta hizkuntza mediterraneoen artean badirela antzekotasunak, hurbiltasun geografikoak ahalbidetzen dituen antzekotasun xumeak baino ez dira.

    Euskal-Iberiar hizkuntza

    Teoria honek dioenez, euskara dugu Iberiar Penintsulan mintzatzen ziren hizkuntzek utzi duten aztarna bakarra. Hipotesi horren arabera, euskara eta iberiarra hizkuntza bera izango lirateke. Nahiz hasieran bazirudien teoria horren oinarria baliagarria zela, hitz iberiarren eta euskal hitzen artean antzekotasuna duten kasuak aztertu ondoren, ikusi zen ezin zitekeela ahaidetasun genetikoa justifikatu, hau da, Hispaniako toponimiaren jatorria ezin zitekeen euskararen bitartez azaldu.

    Hizkuntza afrikarrak

    Zenbait ikertzailek  Afrikako hizkuntza batzuek euskararekin nolabaiteko harremana zutela ikusi eta gako berrien bila hasi ziren. Bereber hizkuntzaren eta euskararen arteko antzekotasun lexikoak aurkitu izan dira, baina sintaxi, morfologia eta gramatika aldetik ez dute zer ikusirik. Filologo historikoek diotenaren arabera, jatorri kamitikoa zuten herri nomadak Euskal Herrian kokatu izanak azalduko lituzke antzekotasun horiek, eta horiek bertan egon izanaren froga gisa zenbait hitz geratu zaizkigu gure hiztegian. Era berean azalduko litzateke euskaran hitz berebereak, guantxeak, somalierakoak, etiopierakoak edo antzinako egiptoerakoak agertzea.

    Kukasoko hizkuntzak

    Hainbat hizkuntzalarik antzekotasun handiak aurkitu zituzten lexiko eta toponimia mailan euskara eta hizkuntza kaukasikoen artean. Koldo Mitxelenak berriz, antzekotasunak okerrak zirela baieztatu eta teoria kaukasikoa defendatzen zutenei hipotesia frogatzera behartu zien. Zenbait azterketa egin ondoren, Mitxelenak egiaztatu ahal izan zuen bazegoela antzekotasunik horien artean, esate baterako, kasu ergatiboaren (nork) erabileran, aditzen pertsonaren pluraltasunean eta nekazaritza eta abeltzaintza inguruko zenbait hitzetan. Arrazoi horregatik euskara hizkuntza kaukasikoekin ahaidetu ohi da, eta bereziki georgierarekin, harekin baititu antzekotasun sintaktiko, morfologiko eta gramatikal handienak.

    Euskararen jatoriaren ezjakintasunak eskuetan daukagun altxorra erakusten digu. Gure hizkuntza munduko zaharrenetariko bat izan daitekeela jakin eta oraindik ere euskalduna den jende askok ez du erabiltzen. Gure ustez euskaldunok izan genezakeen gauzarik preziatuena da, beraz ez pentsatu eta euskaraz mintzatu.

     

     

    HIZKUNTZA ANIZTASUNA ESPAINIAR ESTATUAN

    2014 - 12.06

    Espainiar estatuan gaztelania hizkuntza ofiziala bada ere beste hainbat hizkuntza aurkitu ditzakegu estatu osoan zehar. Gaztelaniaz aparte, beste lau hizkuntzek koofizialtasun maila lortu dute, estatuko zenbait autonomia erkidegotan. Baina ez dira horiek bakarrik espainiar estatuan aurkitu ahal diren hizkuntzak, beste zenbait hizkuntzek ofizialtasunik izan gabe estatuaren nolabaiteko babesa baitaukate.

    Estatuan ditugun hizkuntza koofizialak, hau da, autonomia erkidegoen estatutuek onartutako hizkuntzak, gaztelaniarekin batera ofizialak direnak ondorengo hauek dira:

    – Euskara: Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako eremu euskaldunean

    – Katalana: Katalunian, Balear Uharteetan eta Valentziako Erkidegoan(azken honetan Valentziera izenarekin)

    – Galiziera: Galizian

    – Aranera: Katalunia osoan, nahiz eta Arango haranean soilik mintzatua izan. Okzitanieraren aldaera bat da.

    Beste mota bateko onarpenak duten hizkuntzak ere badaude espainiar estatuan. Hizkuntza hauei estatutu batzuk edo lege-proiektuek babes berezia eskeintzen diete. Babes hori dituzten hizkuntzak honako hauek dira:

    – Asturiera edo bablea: Asturiasko Autonomia-Estatutuan

    – Eonaviegoa edo Asturiasko galiziera: Asturiasko mendebaldean, Eo-Navia eskualdean, Asturiasko Normalizazio Sozialaren Planaren barruan

    – Aragoiera: Aragoin eta bereziki Huescako iparraldean

    Beste hainbat hizkuntza aurkitzen dira Espainiar estatuan inongo onarpen ofizialik ez dituztenak. Hizkuntza horiek ondorengo hauek dira: Monañesa edo Kantabriera, Leonesa, Extremadurera, Extremadurako fala edo Extremadurako galiziera, Portugesa, Berberea, Arabiera eta Kaloa.

    Hizkuntza guzti hauek hizkuntza gutxituak badira ere gaztelaniak duen garrantzi berbera edo handiagoa eman beharko zitzaiela uste dugu, galtzeko bidean baitaude. Hizkuntza hauetariko batzuk ofizialtasuna lortua badute ere espainiar estatua hauek zapaltzen alegintzen da, gaztelania beste hizkuntzen gainetik egon dadin. Gaztelaniaz gain beraien hizkuntza ofiziala duten autonomiek, hizkuntza hori altxor baliotsu bat balitz bezala zaindu eta babestu beharko lukete.


    Tresna-barrara saltatu